
Dusko Ivanovicen gizonek Barça gainditu dute Fontetan acb-ko txapeldun bilakatuz.
KIROLBET Baskoniak Endesa Ligako TXAPELDUN titulua eskuratu du acb-ko final handian Barça mendean hartuta. Ligako azken titulua lortu eta hamar urtera, gasteiztarrek euren historiako laugarren acb liga lortu dute, berriz ere Dusko Ivanovicen agindupean. 2002, 2008 eta 2010 urteetan lortutako garaipenen ondoren, Gasteizko klubak titulu berri bat du bere bitrinetan. Taldeak azken fase paregabea jokatu du finalean faboritoetako bat garaituz, Barça alegia.
KIROLBET Baskoniak ondo hasi zuen neurketa. Defentsa gogorraren eta Shavon Shields fin baten bitartez, taldeak lehen abantailak lortu zituen markagailuan (9-15 7. minutuan). Pesicen gizonek jaurtiketa libre ugari saskiratu eta gero, lehen laurdena 16-17 bukatu zen. Bartzelonak hobeto hasi zuen bigarren laurdena eta 10-1ko partziala lortu ondoren, Ivanovicek partidua gelditu behar izan zuen (26-17 13. minutuan). Talde kataluniarraren erasoak geldituz, Baskoniak erreakzionatzea lortu zuen (28-23 15. minutuan). Dena den, kataluniarrak oso fin aritu ziren kanpoko saskiratzeetan (5/12 hiruko atsedenaldian) eta 6 puntuko abantailaz joan ziren atsedenaldira (39-33).
Talde gasteiztarra ondo irten zen aldageletatik eta 4-14ko partziala lortu zuen (43-47 26. minutuan). Azken laurdena guztiz parekatuta egon zen eta neurketako azken segundoak ahaztezinak izan ziren. Vildozak izugarrizko azken saskiratzea lortu zuen KIROLBET Baskoniari garaipena eta acb titulua emanez.
Baskoniazaleak, Araba, eta Gasteiz guztia pozarren daude berriz hamar urte ondoren. KIROLBET Baskonia Endesa Ligako TXAPELDUNA da finalean Barça ahalguztiduna garaitu eta gero. Baskonia NORTASUNA nagusitu da beste behin, eta beraz, familia gorri-urdinari disfrutatzeko unea iritsi zaio.