Pablo Lasoren gizonek ezin izan dute etxeko bolada onari jarraipena eman.
Intentsitate handiko neurketa batean, bisitariak atera dira garaile Buesa Arenan (89-93). Baskonia aurretik izan da norgehiagokaren zati handi batean, baina azken laurden on batekin, La Laguna Tenerifek erdietsi du garaipena. 16-ko balorazioarekin, Tadas Sedekerskis izan da jokalari urdin-gorri nabarmenena.
Hasiera parekatu batean, kanariarrek lortu dute lehen abantailak (12-14). Baskoniak borrokatzen jarraitu du eta erasoan asmatuta, lehen laurdena bereganatu du 29 eta 26-ko markagailuarekin. Defentsa on batekin, Pablo Lasoren gizonek diferentzia mantendu dute bigarren laurdenean zehar. Lehia estutu egin da lehen zatiaren azken txanpan (45-44). Gasteiztarrak puntu bateko errentarekin iritsi dira atsedenaldira (52-51).
Parekotasunak jarraipena izan du bigarren zatian, norgehiagoka 65na berdinduri egonik hirugarren laurdena amaitzeko hiru minuturen faltan. Txus Vidorretarenen defentsan hutsuneak topatuta, Baskoniak aldea hartu du azken laurdenari begira (71-67). Partzial on batekin, Tenerifek markagailua iraultzea lortu du azken minutuetan (77-86). Azkenean, Baskoniak ezin izan du erantzun eta erori egin da etxean (89-93).