Erakunde gasteiztarra lankidetza eta hazkunderako aukera berriak aztertzen ari da Latinoamerikako herrialdean.
Baskonia Alaves Taldeak urrats sendoak ematen jarraitzen ditu nazioarteko hazkunde planean. Erakunde gasteiztarrak bira komertzial bat egin du berriki Mexikon, Arabako Merkataritza Ganberarekin lankidetzan, harreman bide berriak irekitzeko eta Taldearen kanpo proiekzioa bultzatuko duten sinergiak sortzeko helburuarekin.
Ekimen hau Euskadiren eta Mexikoren arteko lankidetza gero eta handiagoaren testuinguruan kokatzen da, joan den hilean Eusko Jaurlaritzak eta Mexiko Hiriko Gobernuak sinatutako lankidetza akordioaren ondoren. Akordio honek bi lurraldeen arteko harremanak sendotu nahi ditu, lankidetzarako aukera berriei ateak irekiz.
Bisitan zehar, Estatuko hainbat Turismo Kontseilurekin -Mexiko Hiria, Queretaro, Sonora, Aguascalientes eta Quintana Ro- bilerak egin ziren. Hauek interes handia erakutsi zuten Baskonia Alaves Taldea bere eskualdeak sustatzeko, turismoa erakartzeko eta gastronomia, ardoa eta hezkuntza bezalako esparruetan trukeak bultzatzeko plataforma gisa erabiltzeko.
Halaber, CONCANACO SERVYTUR-ekin (Merkataritza, Zerbitzu eta Turismoko Ganbera Nazionalen Konfederazioa), Grupo Charly-rekin, bai eta Mexikon presentzia duten Espainiako enpresekin ere, hala nola Acciona, Grupo Eulen edo Intercontinental Hotelekin, bilerak egin ziren. Era berean, Euskadirekin eta Espainiarekin merkataritza-loturak ezartzeko interesa duten konpainia mexikarrekin lankidetzan aritzeko aukerak aztertu ziren.
Bidaia hau beste urrats bat da Baskonia Alaves Taldeak mundura zabaltzeko eta kirolaren esparruan eta kanpoan nazioarteko erreferente gisa sendotzeko egiten ari den apustuan.